Skip to main content

PERSONAJE VICTOR CHAVARRI 1

CHÁVARRI, VÍCTOR

 

Víctor jauna, estatuarena, 1854an jaio zen Portugaleteko Barrenkalean, hau da, eguneko Víctor Chávarri kalean. Euskal Herrian XIX. mende bukaeran erabateko eragina izan zuen ekonomian eta politikan. Liejan ikasi zuen; 1878an arte-eskulanen ingeniaritza zibila bukatu zuen; bazekien, beraz, Europan ikatza, burdina eta altzairua lantzeko erabiltzen zituzten teknika modernoen berri. Industrian egin zituen aurreneko urratsak Sotera de la Mier eta José de Gorostiza portugaletetarren babespean.

 

Horiek biak, “Ibarra y Cía.” enpresaren parean, XIX. mendean meategien hastapenetan nabarmendu ziren. Dena den, Víctor Chávarri sortzaile eta ekintzailea zenez gero, bere kabuz hasi zen berehala eta hogei urtetan (45 zituela hil zen) Bizkaiko industria iraultzako nagusietako bat bilakatu zen. Bizkaiko meategi batzuk ustiatu zituen eta bere asmoa gauzatzea lortu zuen: Sestaoko paduran fabrika bat, “La Bizkaia” izenekoa, egin zuen, euskal siderurgiako oinarrietako bat. Beste enpresa asko ere sortu zuen, bakarrik edo beste batzuekin batera; hala nola, “Hulleras del Turón” (Asturias aldeko meagintza enpresa aitzindaria), Santanderreko burdinbidea, Bilbo-Areeta tranbia, “S.A. Basconia”, latorria egiten zuena kontserba fabriketarako, eta abar.

 

Politikan ere nabarmendu zen Chávarri jauna. Senataria eta Gorteetako diputatua izan zen 1885etik 1890era. Aurkari zuzenena Martínez de las Rivas izan zuen. 1891n, hain zuzen, Chávarri hautagai liberala izan zen eta aurrean eduki zituen Martínez de las Rivas kontserbadorea eta Facundo Perezagua sozialista. 1895ean, berriz, alderdi kontserbadorera aldatu zen Chávarri, haren eguneroko jarduerari egokiagoa baitzitzaion, liberala baino. Aipatzekoa da 1893an librekanbismo ofizialaren kontrako mugimenduaren buruan zebilela, Alemaniarekiko merkataritza hitzarmen batek mehatxatzen baitzituen euskal industria jaioberriak.

 

Chávarrik etengabe defendatu zuen, Madrilgo gobernuaren aurrean, Bizkaiko industria eta, helburu horrekin esku hartu zuen guztietan, argi-ikuste handia erakutsi zuen hala administrazioan nola politikan. Asko kritikatu zuten, esaterako, 1897an, Bilboko hiru zinegotzi sozialistaren izendapena baliogabetzen lortu zuenean, Bilbon erroldaturik ez zeuden eta kaudimengabeak zirelakoan. Begiz jo zuten askok horregatik. Garai hartan, langileen borroka itzela zelarik eta langile gehienak etorkinak izanik, dudarik gabe izan zen Chávarri meategi eta fabriken patroien burua; besteak beste, Chávarrik sortu zuen Bizkaiko Produktoreen Elkartea.

 

Chávarriren boterearen handiaz jabetzeko, ekar ditzagun aipura Zunzunegiren “La quiebra” nobelako pertsonaia baten berbak: ”Zuek uste duzue Jainkoa Chávarri bezala dela; goizean bulegora doala eta, paperak ikusi bitartean, idazkariari esaten diola: “Gaur euria egingo du; Belostikaleko Mauriziori loteria egokituko zaio; Ollerietako andre gizen hura hil egingo da, eta kale garbitzaile begibakarra baztangak joko du.” 1900. urtean, denboraldi batez Andaluzia, Afrika, Italia eta Frantzian ibili ostean, Marseillan zegoela, buru-kongestioak jo zuen eta harekin batera zebilen Areiltza doktoreak ezin izan zuen salbatu.

 

Chávarriren hiletara garaiko industria eta finantza gizon-emakume nagusi guztiak etorri ziren. Oso panteoi artistikoa egin zioten hilerriko behe-aldean; herrian “aberatsena” esaten diote. Halaber, herritarren diruz, plazako estatua eraiki zen. Bi urte geroago, Chávarriren bultzadari jarraikiz, Espainiako siderurgiako gertakizun handiena etorri zen: “Vizcaya” sozietateak “Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Acero de Bilbao” eta “Compañía Anónima Iberia” izenekoekin bat egin eta Bizkaiko Labe Garaiak jaio ziren.

 

Atzera