Skip to main content

María Díaz de Haro

DÍAZ DE HARO, MARIA

 

Maria Díaz de Haro, Portugaleteren fundatzailea, López Díaz de Haro III.aren, hau da, Bizkaiko VII. Jaunaren alaba izan zen. Jaun hori 1269an ezkondu zen Alonso de Medina Gaztelako infantearen alabarekin. Maria gazte-gazterik ezkondu zen Joan Gaztelako infantearekin, hau da, Sancho erregearen anaiarekin. Garai tirabiratsua egokitu zitzaion, bada, istilu, barne borroka eta azpijokoz betea. Horiek horrela, ezkondu eta urtebetera, aita hil zion Alfaron Gaztelako erregeak eta senarra espetxeratu. Diego neba ere, oinordez Bizkaiko Jaun titulua jaso zuena, urtebete geroago hil zen. Horrela egokitu zitzaion, Foruaren arabera, Bizkaiko Jaurerriko Andre Nagusia izatea, nahiz eta benetako boterea Gaztelako erregeak erabili zuen, Jaurerria inbaditu zuelako.

 

1295. urtean, berriz, Diego López de Haro osabak (ezizenez Sarkina) kendu zion titulua, Gaztelako istiluez baliatuta, Fernando IV.a adingabea zelarik. Diego López de Harok Bilbo hiria fundatu zuen 1300. urtean eta aurre-aurrean eduki zuen beti Joan printzea, hau da, Mariaren senarra, Jaurerria emazteari eman nahi zion-eta. 1307an Diego jaunak Aretxabalagako batzarrera bildutako bizkaitarren aurrean, Diego ilobaren benetako oinordekotza aitortu zion Mariari. Eskatu zien, gainera, bera hilda, Bizkaiko Andre Nagusitzat har zezatela. Horrela bukatu zen betiko urte askotan herria odolez bete zuen gatazka.

 

Izan ere, handik hiru urtera Diego jauna hil zen Algecirasen eta jaurerria Mariaren esku itzuli zen. Bigarren agintaldi hori, beraz, 1310. urtean hasi zen, bilbotarrek fundazio-gutuna berrestea eskatu ziotenean; bukatu, berriz, 1322an bukatu zen, Portugalete fundatu eta senarra mairuen aurkako gerratean hil zitzaionean. Portugalete fundatzea erabaki zuenean, bete-betean asmatu zuen Maria andreak, hiria oso kokaleku estrategikoan baitzetzan Somorrostrotik Lutxanaraino hartzen zuen eskualdean. Maria andreak oso ongi ezagutzen zuen lurraldea, Coscojalesen arabera, Santurtzin zeukan etxe-gotorlekuan bizi izan baitzen.

 

Valencia de Campos herrian domingotarren komentu bat fundatu ostean, hura bera egin zen domingotar Perales-ekoan eta urte horretan bertan utzi zuen jaurerria Joan Begibakar semearen esku. Joan semea gortean ibilia zen Alfontso VII.aren tutore gisara. Mariak, ama zintzoa zelarik, askotan jardun behar izan zuen semearen jite iskanbilatsuari eustearren, oso gaizki portatu omen baitzen Gaztelako lurraldean. Joan semea 1326an hil zuten Alfontso XI.ak aginduta, jeloskor omen baitzen Joan apurka-apurka eskuratuz zihoan botere handia zela-eta; gogora dezagun hortaz Joan Aragoiko erregearen bilobarekin ezkontzekotan zegoela. Alfontsok, gainera, Joanek Gaztelan zeuzkan ondasunak konfiskatu zituen eta Bizkaiko jaurerria ere eskuratu nahi izan zuen. Maria andreak, ordea, bere eskubidea aldarrikatu zuen, erregeak kendu nahi ziola ikusita. Eskatu zion, bada, behintzat saltzea, baina bizkaitarrak ez ziren ados azaldu.

 

Portugaletez gain, Lekeitio ere fundatu zuen Maria andreak 1325ean eta Ondarru, berriz, 1327an. Portugaleteko pribilegioa berretsi behar izan zuen 1333ko ekainaren 11n, jatorrizko agiria galdu baitzen uretara erorita. 1334an betiko egin zion uko Jaurerriari, berak bezala Maria Díaz de Haro izena zeukan bilobaren alde. Biloba hori Joan Begibakar semearen eta Isabel Portugalekoaren alaba zen; Joan Núñez de Lararekin ezkonduta, hurrengo hamarkadetan izan zen Bizkaiko Andre Nagusia. Coscojales historiagileak, Bizkaiko historiaz utzi zizkigun eskuizkribuetan badio 1342ko azaroaren 3an, asteazkena, egunsentian hil zela Maria andre Zintzoa . Horren ostean aipatzen du Coscojalesek izen irakurgaitz bat; apika Breasaichaga edo, Labayruren arabera, Berresonaga; hortik ondoriozta dezakegu Larrabetzuko jurisdikzioan hil zela.

 

Atzera