Skip to main content

Alberto de Palacio

DE PALACIO, ALBERTO

 

Gordexolan jaio zen 1856ko urtarrilean. Aita-amak Mexikon ezkondu ziren, baina alde egin behar izan zuten, iraultza zela kausa. Geroago, biak istripu batean hilda, Alberto semea Kai Berrira aldatu zen, Epalzarren etxera, hain zuzen, familiakoak ziren-eta. Gazte denboran esku pilota maite zuen arren, zientzia ere gustatzen zitzaion eta Zientzia Zehatz eta Ingeniaritzara eman zen guztiz. Hartaz, hamazortzi urte zituela, lehenengo saria eskuratu zuen oinarri geodesikoen neurrien inguruko lehiaketa nazioarteko batean. Apur bat geroago hasi zen arkitektura ikasten Bartzelonan. Bere promozioko lehena izan zen, karrera bukatuta.

 

Erromantizismo garaiaren semea izanik, zaletasun asko zituen. Halaber, jakingura eta sortzailea zenez gero, beste alor batzuk ikertu zituen. Madril eta Parisen, esaterako, Astronomia, Geodesia, Medikuntza eta Hegazkintza ikasi eta hainbat hizkuntza ere bai. Hil zenean Kixote euskaratzen zebilen. Hogeita hamar urte eskas zituela, lanean hasi zen itsasadarreko ertz biak, aho aldean, nola lotu. Hainbat konponbide aztertu zuen, beti ere kontuan hartuta ezin zitzaiola oztoporik jarri itsasontzien joan-etorriari; besteak beste, tunela egitea bururatu zitzaion, eta zubi birakariak, finkoa edo goratua. Azkenik otu zitzaion munduko aurreneko zubi esekia egingo zuela. Horren patentea egin ostean, kemen handiz eta nekerik gabe borrokatu behar izan zuen, oztopo guztiak gainditzeko.

 

Lehenengo eta behin, zubia egin eta ustiatzeko sozietate anonimoa sortu behar izan zuen; eta lur sendoa bilatu oinarriak (itsaso azpiko 18 metro sakon) ezartzeko; gero kontratista egokia bilatu behar izan zuen lana gomendatzeko; eta azkenik, 1890ean, Gobernuaren Errege Aginduz esleitu zitzaion zubia. Bilboko eraikitzaile ospetsu bati gomendatu zion lana, baina zoritxarrez, hortik gutxira hil zen, gurdi batek harrapatuta. Ferdinand Arnodin frantsesarengana jo behar izan zuen orduan Palaciok; azkenik, Arnodinek zuzendu zuen lana eta 1893an bukatu zuen. Inauguraziora Espainiako erreginak Isabel infanta bidali zuen. Ikerketa asko egin zituen Palaciok.

 

Besteak beste, materialen erresistentzia ikertu zuen eta itsas hondoen gaineko zimendatzea; horrexegatik deitu zuen Brasilgo gobernuak, itsasoari tokia kenduta eraikuntza batzuk egin zitzan. Eta Madrilen Espainiako bankuaren etxea zimendatu zuen lurrazpiko korronte batzuen gainean. Etorkizuneko arkitekturaz zeukan ikuspuntua Madrilgo Atocha tren-geltokian islatu zuen. Geltokiko estalkia arku-argi handi-handia da, tiranterik gabea; oso egitura aurreratua, beraz, bere garaia kontuan hartuta. Teknologiaz zekien handiaren arrastoa Madrilgo Retiro parkeko Kristalezko Jauregian ere utzi zuen Palaciok.

 

Bere azken urteetan, aldiz, hegazkintza ikertu zuen. Aireko Nabigatzaileen Espainiako Federazioa fundatu zuen eta Espainiako Gerraren Ministerioak lagatako pabilioi itxi batean jardun zuen iraultza ekarriko omen zuen asmakizun batean. Gerra Zibilak, ordea, desegin zuen guztia. Palaciok Madrilgo mendietan zeukan etxe batean gordetzen zituen milaka liburu ingeniaritzaz, eta asmakizun eta proiektu guztiak. Etxea behera bota zioten eta zubi eseki maitea ere bai, eztanda batez, 1937. urtean. Osasunak ezin izan zion eutsi eta bihotza urraturik hil zen Areetan 1939an, zubi esekiko burdina apurtuen oinean.

 

Zientzia-gizon aparta izan zen Palacio, eta zintzo-zintzoa. Portugaleten eman zioten lurra, izugarri maite zuelako hiria eta familiak Portugaleteko hilerrian zuelako panteoia. 1990. urtean Portugaleten zubi transbordadoreen gaineko nazioarteko jardunaldiak egiten zirela, Udalak “Puente Vizcaya. Padres y hermanos” liburua argitaratu zuen, Alfredo Pérez Trimiño portugaletetarrak idatzia.

 

Atzera

>