Skip to main content

Lope García de Salazar

GARCÍA DE SALAZAR, LOPE

 

1399an jaio zen Somorrostron. Aita Joan López Salazarren biloba zen eta Joan hori Bizkaian ezarri zen aurreneko salazartarra izan zen eta Nograroko (Araba) Lope beldurgarriaren semea. Lope horrek (Burdinbeso ezizenez) 120 seme-alaba izan zuen ezkontzatik kanpo. Gure Lope, berez, herenaitonaren izen berbera zeukala, bere garaian Bizkaiko bandukide boteretsuena izan zen. Ia bizitza osoa borrokan eman bazuen ere, liburuen eta historiaren gustua ere bazeukan. Bere idazkietan dio Lopek gazte-gaztetatik ahalegindu zela historia liburuak eskuratzen. Horien bila ibili zen errege eta printzeen etxeetan, eta lurralde guztietan, merkatari eta itsasgizonekin zeuzkan harremanei esker.

 

Esan bezala, bizialdi osoa eman zuen borroka, gatazka eta istiluetan. Horregatik abiatu behar izan zen deserrira eta atsekabe asko pairatu. Hark berak kontatzen duenez, hamazortzi urte zituelarik, Lope Ochoa Mendieta hil zuen segada batean. Joana Butrón Múgicarekin ezkondu eta haren ohorean eraiki zuen Muñatoneseko dorrea. Premutasunaren ondasun-aberastasuna itzela zen eta, besteak beste, Portugaleteko prebostetza egokitu zitzaion. Bizialdiko azken urteak oso latzak izan ziren. 1467an saiatu zen seme-alabek Butrón-Múgicatarrekin bat egin ez zezatela eta Avendañotarren kontra egin ez zezatela. Ez zuen lortu, ordea, nahiz eta madarikazioa bota zien.

 

Ciriquiáinek dioenez, aitaren madarikazioa zutoihal gaitza zelarik, semeetariko lau hil ziren, borrokan hasi eta berehala. Haiekin batera hil ziren, halaber, Martínez González Bañales, Ochoa de la Pedriza, Pedro de Santurce eta Joan de San Joan Llano, eta herri osoa jantzi zen doluz. Aitari min egin nahian, Martín Ruiz Basurtok anaien gorpuak gurdi batean sartu, Bilbora eraman eta, pinaza batean sartuta, itsasadarrean behera bidali zituen Portugaleteraino. Egun batzuk geroago, baten batek su eman zion Ruiz Basurtoren etxeari, Elorrioko borrokan hildako portugaletetarren arimen alde distira zezan. Handik bi urtera emaztea hil zitzaion Loperi.

 

Ordurako zahar samarra bazen ere, bazeuzkan artean gazte baten gustuak eta ahalmenak eta biziki haserretu zen Joan semeak dorrean berarekin batera bizi ziren neskame kuttunetako bi seduzitu zituenean. Guztiz suminduta, bada, dorretik bota eta herentzia kendu zion. Semea, ordea, itzuli egin zen, dorrea setiatu eta preso hartu zuen aita. 1471n, preso zegoela, “Bienandanzas e Fortunas” liburua idazteari ekin zion. Egunera iritsi zaizkigun Loperen lanetatik bigarrena da hori, aurrekoa, “Bizkaiko Kronika”, urte batzuk lehenago idatzi baitzuen. “Bienandanzas e Fortunas” liburuak 25 liburuki ditu. Munduko eta Espainiako historiaz ari da eta azkeneko seietan zehatz-mehatz ematen digu Euskal Herrian gertatu ziren leinu eta bandukideen arteko borroken berri. Lopek berak parte hartu zuenez gero liburuan azaltzen duen azken historialdi hartan, oso lan baliagarria da urte haietako Bizkaia odolzaleaz zerbait jakin nahi izatekotan.

 

1476an lortu zuen preso zegoen dorretik ihes egitea eta, neke handiz, bada, Portugaletera iritsi zen, jabea zen dorrera, hain zuzen. Beste seme batek, ordea, Joanekin bat etorrita, berriro hartu zuen preso. Hala eta guztiz, morroi batek lagunduta ihes egin zuen berriro eta elizan errefuxiatu zen. Dorrera igo, kanpaiak jo eta hara bildu zen jendetzaren aurrean azaldu zuen semeek egindakoa. Herritarrek, beldurtuta, ez zuten ezer egin eta semeak teilatura igo, elizan sartu eta arrastaka atera zuten aita. Berriro dorrean preso, 1476ko azaroaren 9an hil zen, alaba batekin batera, pozoituta biak.

 

Sabino Agirre Gandariasek “Lope García de Salazar, el primer historiador de Bizkaia” ikerlanari esker lortu zuen Portugaleteko Udalaren Ikerketa Historikoaren Saria 1988an. Lope Salazarri buruzko lanik osoena eta zehatzena da hori, oraindik ere argitaratu gabea, eta haren arabera, ez da egia, hil aurretik, Lope jaunak alabari eman zionik pozoitutako jatekoa probatzen eta horregatik hil zenik alaba, aita baino ordu batzuk lehenago.

 

Atzera