Skip to main content

Virgen de la Guía

GIAKO ANDRA MARI – UZTAILAK 1

 

Giako Andra Mariren ohorezko eguna uztailaren 1a da, ia-ia udaldiko lehen jaieguna, beraz. Jatorriaz ari bagara, jaia itsas langileengandik etorri zitzaigun eta, gaur egun, bihotz-bihotzeko bilakatu da portugaletetar guztientzat eta kanpoan bizi eta egun horretan hirira itzultzen direnentzat ere, hala batak nola besteak eguna noiz ailegatuko irrikan baitaude, herkideekin batera alaitasuna banatzeko eta gogoratzeko prest.

 

Jaia Alde Zaharrean egiten da, Koskojales kalean batez ere. Goiz-goizez ematen zaio hasiera jaiari txupinazo batez. Gero Dominiginen altxaera dator. Dominginak trapuzko bi panpina dira: Koskojales kaleko bi balkoiri soka bat lotu ondoren, horretatik zintzilikatzen dira Dominginak eta, altxarazten diren bitartean, lore-eskaintza egiten zaio Andra Mariri, horren irudia azokako horma-zulo batean baitago, kalearen behealdean hain zuzen ere.

 

Ordutik aurrera, txistulariak, fanfarreak, buruhandiak eta trikitiak giroa berotzen arituko dira, jaiegun batean gaudela sentiarazteko asmoz. Geroago, egun guztian jolas, lehiaketa, desfile, sokatira, kantu eta dantzatzekoak izango ditugu, Udalaren Musika Bandaren eskutik. Eta seguruenik gauza gehiago ere izango da, Berriztasuna elkarte antolatzaileak urterik urte dibertigarri berriak asmatzen baitizkigu. Gauerdiko hamabiak jo bezain laster hasten da Gia Eguneko Bajaldi Haundia. Koskojales kale aldapatsuaren goialdetik abiatuta, parte-hartzaileak Udalaren Musika Bandaren atzetik doaz kalejiran.

 

"Adin guztietako" neska-mutilak, lepoa elkarri hartu eta lerroka jarrita, kalean behera doaz algara handiz. Gero, apur batez gelditzen dira eta atzera egiten dute, handik hurbil beti ere dagoen itsasoaren olatuak balira bezala. Eta geroago, aurrera segitzen dute berriro, are indar gehiagoz, nahi gabean kalegurutzearen lehorrera iritsi arte. Bertara ailegatzen direnerako, hasia da berbena. Tradiziozko txupin batek eman behar dio amaiera guztiari.

 

Atzera