Skip to main content

San Roque

SAN ROKE

 

Montpellier-en (Frantzia) jaio zen San Roke. Haren abizenaren berririk ez dakigu. Portugaleteko santurik maiteena eta jai onenak dituena da, nahiz eta Portugaleten sekula ez ibili. XII. mendean jaio zen eta hiriko gobernadorearen semea zen. Aita Pedro I. Handia Aragoiko erregearen zerbitzupeko zaldun garrantzitsuenetako bat zen. Haur eta gazte denbora gortean eta jauregietan eman zuen. Hogei urte zituela, berriz, aita hil zitzaion eta dirutza handia hartu zuen herentziaz.

 

Ebanjelioko parabolan bezala, ondasunak laga zituen eta, ziel latz batez eta kapelu hegal-zabalaz jantzita, Erromara abiatu zen. Italiako hiri batzuk zeharkatu zituen Rokek, denetan izurriteak sarraski handia eginda eta ospitaleak gaixo izurridunez beterik zeudelarik. Roke zorigaiztoko haien zerbitzura jarri zen berehala: zauri infektatuak garbitzen zizkien eta kontsolamendua ere eskaintzen zien. Hiru urte eman zuen Erroman, diru eske eta ospitalez ospitale.

 

Santu ospea zeukanez gero, izurria sendatzen zuelakoan, berarengana jotzen zuen gizarte maila guztietako jendeak. Hala ere, Piacenzan zebilela, larruazala orban gorribeltzez eta zauri zornetsuez bete zitzaion. Aurpegiak munstro batena zirudien. Izurriduna eta atzerritarra zelako, bota egin zuten hiritik eta baso batean bilatu zuen aterpe. Kondairak dio, egarri zegoelako, iturria sortu zela haren oinetan eta txakurtxo bat etortzen zitzaiola egunero, ahoan ogi zati bat zeramalarik, zauriak milikatzera. Izurritea sendatuta, Montpellierrera itzuli zen, inork ezagutu gabe, eta espetxean ixi zuten. Bertan hil zen bost urte geroago, XIV. mendean. Izurritetik babesten zuelako ospea, berriz, Europa osoan hedatu zen eta santu egin zuten. San Rokeren eguna abuztuaren 16an ezarri zuten. Behe Erdi Aroan, izurrite beltzak sarraski itzela eginda, Bizkaira ere etorri zen San Rokeren debozioa eta hamaika baseliza egin zuten beraren alde.

 

Hala eta guztiz, are harrera handiagoa egin zioten San Rokeri merkataritza portuetan, Bilbon edo Portugaleten, kasu, horrelakoetan are errazagoa baitzen izurriteaz kutsatzea. Gainera, Bilbo eta Portugalete Donejakue bidean zeudela, erromes franko iristen ziren San Rokeren mirarien berri zekartela. Portugaleten, beraz, hasieratik bertatik gurtu zuten San Roke eta muino batean San Rokeren baseliza eraiki zuten, muinoak ere San Roke izena zeukalarik.

 

Portugaletetarrek erromeria egin ohi zuten muinora santuaren egunean eta dantza ere egiten zuten baseliza eta ondoko taberna-dendaren aurrean, Abatxolo Osina izena zeukan alde hartan. Muinotik behera zihoan belardian 1783an hasi ziren San Roke egunean abere azoka antolatzen. Azoka oso ezaguna egin zen eskualde osoan eta 1790ean Udalak San Roke izendatu zuen herriaren eta jaien patroi babeslea, hiriari egindako onura eta mirariak eskertu nahian. Baseliza suntsitu egin zen XIX. mendeko gerrateetako batean eta, haren lekuan eta Kanpanzar ganean ere, militarren gotorlekua egin zuten.

 

1892an portugaletetarrak saiatu ziren herrian dirua biltzen baseliza berreraikitzeko; ez zuten lortu, ordea. Horren bitartean, santuaren irudia Atariko Kristo Santuaren baselizan gorde zuten. 1910ean, Kristo Santuaren baseliza ikuztegiko belardira eraman zutenean, San Roke ere aldatu zuten eta alboko aldare batean ezarri. Belardi hartan San Roke jaia ospatu ohi zenez gero, belaunaldi berriek ahaztu egin zuten baselizaren titularra Atariko Kristo Santua zela eta, gerra zibilaren ostean, baseliza behera bota zutenean kirol zelaia egiteko, San Roke baseliza berria egiteko proiektua prestatu zuten.

 

Hasiera batean aurreneko tokian bertan kokatu behar zuten; gero, berriz, ur biltegia egin behar zutenez gero, Ojillo kalearen azken aldean ezarri zen. 1960ko hamarkadan hiria izugarri handitu zenez gero, baselizak hor ere oztopo egiten zuen. Txoko txiki ikusi gabe bat bilatu zioten, beraz, kalearen bestaldean, pilotalekuko hormaren atzean.

 

Atzera