Skip to main content

Juan Antonio Zunzunegui

ZUNZUNEGUI, JUAN ANTONIO

 

Portugaleten jaio zen, Kale Berrian, kaiko kantoiaren ondoan. Arreba biak, Juan Antonio baino zaharragoak, kaian kaio ziren, San Tomas elizaren ondoko etxean. Negu partean, berriz, udatiarrek alde eginda, kai alde hori bakarti samar gelditzen zenez gero, gurasoak Kale Berrira aldatu ohi ziren. Bertan bizi zen osaba bat, Migel Loredo, eta bertan jaio zen Juan Antonio 1900eko abenduaren 21ean. Idazlea izan nahiaz jaio zen Juan Antonio, aitaren zoritxarrerako, aita, itsasadarraren seme duina zelarik, negozio zale amorratua zen-eta. Juan Antonio beste semerik ez zuen izan, ordea, alaba biak albo batera utzita.

 

Oso apal eta umil hasi zen Juan Antonio literaturan. Aurreneko urratsak, inozo-inozoak haren esanetan, 1918an egin zituen, gaztetxoa zelarik. Apurka-apurka, ordea, urratsok sendoagotuz joan ziren eta Juan Antonio bere hizkera, gero eta xumeagoa, bereganatuz joan zen. Urte batzuk igarota, pertsonaia batzuk sartu zitzaizkion barnera. Ikasi zuen, bada, karena kentzen eta zilborreko hestea mozten, gizakiak bezala mintza eta bizi zitezen, eta ez nobelagilearen txotxongiloak bezala.

 

Zunzunegik Urduñako jesuitekin ikasi zuen batxilergoa eta gero Deustua, Valladolid eta Salamancako unibertsitateetan ere ikasi zuen. Salamancara Areiltza doktoreak aginduta joan zen. Eskuan, bada, Areiltza doktorearen gutuna zeramala, Unamuno ezagutu zuen eta adiskide minak egin ziren. Zunzunegiren esanetan, Unamuno eragin handiena egin zion idazlea izan zen. Familia Madrila aldatu zenez gero, Madrilen bukatu zituen Zuzenbide ikasketak eta, 1948tik aurrera, Portugaleten ematen zituen udaldietan ez ezik, Madrilen bizi izan zen betiko. 1957an, Mexiko gainean hegazkinean zebilela, oso egoera larrian hegazkineko motoreetako bat gelditu zelako eta bestea su hartzeko zorian zegoelako, egunkari batean irakurri zuen Espainiako Hizkuntzaren Akademiako kide hautatu zutela. “Zunzunegi betierekoa” zioen titularrak eta Zunzunegik umore garratz beltzaz esan zuen epe laburreko betierekotasuna edukiko zuela, antza.

 

Espainiara itzulita, bada, 1960an, Pio Barojak utzitako jesarlekua hartu zuen akademian. Zunzunegi XX. mendeko nobelagile espainiar nagusietako bat da. Portugalete eta Bilboko gizartea, XX. mendeko lehen herenekoa, deskribatu zuen ederki. Garaiko burgesen kronikagile literarioa izan zela esan dezakegu. Kapitala, finantzak eta merkataritza ederto ezagutzen zituenez gero, fideltasun handiz islatu zituen garaiko gizon-emakumeen berezitasunak, bikaintasuna eta miseria gorria. Bere liburuez ari zelarik, “ontzidia” osatzen zutela ohi zioen eta, tamainaren arabera, “tona askokoak” ziren batzuk eta beste batzuk, ordea, “tona gutxikoak”. Tona askokoak dira, esaterako, Chiripi, El Chipichandle, ¡Ay, estos hijos!, El barco de la muerte, La quiebra, La úlcera, El supremo bien, La vida como es, Esta oscura desbandada, El premio, Una rica hembra... Eta tona gutxikoak, berriz, Cuentos y patrañas de mi ría, Vida y paisaje de Bilbao, El hombre que iba para estatua, Dos hombres y dos mujeres en medio, El trabajo y la vida o la muerte, El adiós a una mina de hierro y otros relatos y esbozos de mi país.

 

Zunzunegiren nobelak eta ipuinak Europako hizkuntza nagusietara itzuli dira, bai eta errusiera, japoniera eta euskarara ere. 1982an hil zen eta, berak nahi zuen bezala, familiaren panteoian eman zioten lurra: Me gustaría, el día de marcharme a la otra orilla, que me entierren en el camposanto de mi pueblo, oyendo el rumor del Abra, porque no sé por qué se me ha metido a mi en la cabeza que los muertos oyen. Urte batzuk geroago, herriak oroigarri xumea eskaini zion, Zubi Esekiaren ondoan Jesus Torre eskultorearen busto bat jarrita.

 

Atzera